XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta aztapar-ukaldi batez, bidetik baztertu ondoan txakur txar ihausikari guztiak, Uztaritzeko apez gaztea zuzenean lotzen zaie bere gai nagusiei, hots: politikaren eta moralaren, politikaren eta erlijioaren arteko harreman eta erlazioei.

Hemen ditu Lafittek bere aitzinekoek ez bezala gauzak garbi jartzen: Lafitte, edozein euskaldun fededun-zale bezain fededuna da: Jainkoa bere politikaren asentu eta zimendutzat hartzen ere du eta ez bakarrik arbasoek hala egiten zutelakotz, bainan arrazoinez.

Onartzen ere du, batere durduzatu gabe, Elizaren arartekotasuna, baina ez dezake onets bere irakasle eta ikaskide gehienek egiten zuten arabera politika-bide guztiak Liburu Sainduetan edo Elizaren irakaspenetan zedarriztatuak eta zehaztatuak direla, hala nola sindikatuen edo emazteen bozkatzeen alde direlakoan Eskual-Herri-zaleak, ez dituzte puntu horiek, fedearen izenean eskakizun egiten.

Katoliko suhar izan daiteke xede horiek onartu gabe, eta, alderantziz, xede berak onets ditzakete katoliko ez diren herritar anitzek.

Horra zergatik ez duten Eskual-Herri-zaleek biltzar katoliko bat nahi moldatu.

Horrelako printzipioen ondorioak ez dituela Lafittek beti aplikatu, nork edo nork erran dezake, eta aitortuko dugu errazki, Jainkoa eta Lege Zaharra, Alderdi JEL-zaleari mailegatzen dion lema ez dugula ongi ikusten filosofia berrian sartzen.

Bizkitartean, edozein alderdi katolikoren eskema orduko gure Euskal Herri honetan baztertzea, urrats handia egitea zela uste dugu.

Beste urrats bat aitzina egiten du Lafittek, estatua-ren mitoa desegiten duelarik: Zenbat herritar ez ziren ikusten burua apaldurik estatuaren ordena sagaratuaren aitzinean.

Gauzak zein bere tokian behar direla ezarri, adierazten die gure irakasleak.

Gizona jitez jendakina bait da, ez dagoke munduan bakarrik.

Hasteko, familia baten haurra da.

Gero, familia ez da nehoiz berduraturik egoten, hortik sortzen bait dira auzotegi, herri eta herrialde.

Herrialde horiek, elkarturik edo bakarka, beren baitarik edo bestek beharturik, erresuma izeneko batasunak eratzen dituzte; baina ohar gaitezen, batasun hauek antolamendu edo konbeniozkoak direla eta ez sagaratuak askok dioen bezala; horra zergatik erresumaren gidari den gobernuak behar duen herria zerbitzatu eta gerizatu;.